XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

No se hizo para los asnos ezti-makatz dultzea

Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna obran Beltranek, Jesusen jaiotza aldarrikatzen zuten aingeruen kantu eztiak entzuten ari delarik, berri onaren albiste ematen dio Graziosori.

Sineskaitza da, ordea, Grazioso, bai albistearekiko eta baita Beltranen kantu-dohainekiko ere.

Horregatik erantzuten dio:

- Beltranikotxo eleizako esaminadorea, no se hizo para los asnos ezti makatz-dultzea.

Eztia ez da astoarentzat egina, ez eta konfitea ere.

Ugariak dira astoaz baliaturik egindako modu horretako konparaketak, baina gure historia literarioan ez dago agian Kardaberazen hura baino deigarriagorik:

- Deabruak ikusi du golillarekin astoa.

Horren irudikazio beretsua du Augustin Zubikaraik Ondarrun bildutakoak:

- Nor ikusiko, eta astoa polainekin!

Astoari konfiturak botatzea ere esan ohi zaie gauzak beren mailan onesten ez dakitenei.

Jesusek, berriz, ez bota txerriei zuen harribitxiak esan zuen Mendiko Hitzaldian.

Harribitxiak dio Eliz Arteko Bibliak ere, denok entzun izan dugun margaritak ezagunagoaren ordez.

Esaldi famatuko margarita horiek loreak direla uste du jende askok, baina garai batean emakumeek lepotik zintzilikatzen zuten perla-klase bati deitzen zitzaion margarita.

No zen to, emaztea gizon, oiloa oilar

Gizonezkoei edo animalia arrei deitzeko erabiltzen den hitza da to eta emakumeei edo animalia emeei deitzeko erabiltzen da no.

Toka hitz egitea, berriz, gizonezko bati hika hitz egitea da, eta noka, berriz, emakumezko bati.

Axularrek gure astolasterrei buruzko esaera bat baliatu zuen (Ikus Errak, to!) Zyro enperadorearen bizitzako pasarte bat kontatzeko:

Zyro enperadore handi hura, hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartaz nahi zuen guztia egiten baitzuen.